sábado, 3 de marzo de 2012

Bizinahiaren hitzak

Aurreko asteburuan egun-pasa joan ginen DF-ra. Truke-programarekin etorri garen 120 ikasle joan ginen, eta jende berri pila ezagutu genuen 
Goizeko 7:00an Pueblatik abiatu eta 9:40ak aldera heldu ginen DF-ko Coyoacan auzora. Auzoko "zócalo"an utzi gintuen autobusak; oso leku politean.
Nahi baino denbora gutxiago izan genuen auzo honetaz gozatzeko; izan ere, Frida Kahlo-ren etxea bertan dago, eta hura ikusi gabe gera ezin gintezkeenez, ordu t'erdi bertan egin genuen, eta ez genuen beste ezer ikusteko aukerarik izan.
Fridaren etxeak sekulako jardina zeukan, kolore bizikoa eta landare askorekin. Egia esan, hori izan zen museo-etxetik gehien gustatu zitzaidana. Etxearen barrualdean margolanak zeuden, Fridak eta bere senarrak zituzten artelan-kolezioez gainera. "Naturaleza muerta" margolanak atentzioa eman zidan, baina, egia esateko, gainerakoa ez zitzaidan beste munduko ezer iruditu. 


Jateko zerbaiten bila joan ginen eta azoka antzeko bat topatu genuen. Oso mexikarra zen tokia; postu asko zeuden, eta ondotik pasatzean saltzaileek "lo que le agrade; cemitas, tortas, chilaquiles, quesadillas..." eta horrelakoak esaten zizkiguten. 



Crepe-ak egiten zituen gizon bat zegoen; baina ez edonolakoak, postua marrazki bizidunetako pertsonaien irudiez josita zeukan; erosleak irudi bat aukeratu, eta gizonak crepe-ari itxura hori ematen zion, trebezia handiz. Elisak (Segovia-ko neska batek) Mr. Potato aukeratu zuen:
Komuna erabiltzeko 3 peso ordaindu behar ziren (18 zentimo). Gizon bat zegoen komunetarako bidean, telebista txiki bat, mahai baten antzeko zerbait eta egunkaria zituela, eta hor ematen zuen eguna. Kanilatik urik ez zenez ateratzen, balde handi bat zegoen albo batean, eta balde txikiagoak ondoan, ura bertatik hartzeko.
Ondoren DF-ko unibertsitate garrantzitsuenerantz abiatu ginen; UNAM unibertsitatea. Arkitektura aldetik oso garrantzitsua da, leku zehatzean dagoelako eraikita, eta itxura ere oso polita duelako; muralak, mosaikoak...  
UNAM-eko lehen belazea zapaldu eta adineko gizon bat hurbildu zitzaigun. Ezerren trukean unibertsiatearen eta Mexikoko historiaren gaineko informazioa eskaini zigun, eta bere inguruan bildu ginen. Denetik kontatu zigun: "mayen" aurkikuntzak aipatu zizkigun, arkitekturaren inguruan aritu zen, eta bizitzari buruz hitz egin zigun... Nire barneko zerbait ikutu zuen bere hizketaldiak. Konturatu gabe ihes egin zidan malko batek, eta sentsazio asko bizitzen hasi nintzen. Pena eta tristura. Baina oso aberasgarria izan zen. 

UNAM utzi eta Xochimilco-ra (Zsotximilko ahoskatzen da) joan ginen. DF-ko auzo bat da eta "trajinera"k dira bertako erakargarri nagusia. Ibai zabal batean zehar dabiltzan ontziak dira; gizon batek "gidatzen" ditu makil luze baten laguntzaz ("gondol"etan bezala) eta bestelako ontziak pasatzen dira albotik, produktuak saltzen. Musika-aparatua aloka daiteke eta nork bere musika ipini, bidaia girotzeko. Bikoteak eta familiak badabiltza ontzi hauetan, baina ohikoena festa-giroan dauden gazte talde handiak ikustea da. Garagardoak, musika, dantza eta poza. Gu asmo horrekin joan ginen, eta oso gustora ibili ginen. 5 trajinera bete genituen osotara, eta bidean gindoazela, txalupa batetik bestera mugi gintezkeen. 2 orduz ibili ginen han, jende asko ezagutu genuen eta pixa asko egin genuen. Ontziak noizean behin txabola batzuen ondoan geratzen ziren, eta bertan komunera sartzeagatik 4 peso eskatzen zituzten (24 zentimo); kriston negozioa!


Euria hasi zuen; leun hasieran eta bortitz amaierarako. Denok txaluparen erdialdean pilatu ginen, babesean, Ricky katalana eta Desi asturiarra izan ezik. Desiren hitzak: "nos prestó por la vida la lluvia". 
Autobusera igo eta Pueblara itzuli ginen. 
Egun horretan gauza gehiago bizi eta ezagutu nituen, baina bide luzea daukat oraindik horrenbeste sentiarazi zidan gizon hark esandakoarekin bat egin ahal izateko:

"Hay tantos secretos en esta vida... tantas cosas por aprender y descubrir, que es imposible conocerlo todo. Pero uno puede hacer por saber más, o por no saber menos. Yo moriré pronto, y tengo la suerte de poder decir que moriré siendo solo medio-ignorante"

2 comentarios:

  1. Arrazoi handia dauka gizon horrek. Behin irakurri neban esaldi bet gogorarazi dozta: "Cada viaje te hace mas viejo y, por lo tanto, un poco menos ignorante"

    AITZIBER

    ResponderEliminar
  2. Ze ona esaldia, Aitziber! Oso-oso polita, ta oso egiazkoa!! :)

    ResponderEliminar