martes, 6 de marzo de 2012

Ikusiaz ikasiz



Motxilarik ez dut ekarri, eta Floraren mendiko motxila handiarekin ibiltzen naiz behar dudanetan. Astelehenean ordu batzuk neuzkan egitekorik gabe, eta motxila eraman nuen portatila garraiatu ahal izateko. Klasera iritsi eta Zitlalik lo-zakua eman zidan, ostiralean Cuetzalan-eko gimnasio batean lo egin ahal izateko. Unibertsitatean egin beharrekoak egin, eta Carolino eraikinerantz abiatu nintzen, bertan paper batzuk sina ziezazkidaten.
Bidean gizon musikajole bat eta fatxada koloretsuak topatu nituen. 

Biziak dira hemen kaleak; bizia dute, eta bizia  darie.





Carolinotik irten eta oraindik goiz zela erabaki nuen; ez zen etxera joateko ordua. Egun eguzkitsua zen eta motxila eta zakua neramatzan gainean.
Ibiltari-senak hartu ninduen eta Pueblako txokoetan barrena murgiltzea erabaki nuen. Norabide zehatzik gabe oinek aurrera egin zezaten uzten nuen bitartean, mutil gazte batek gelditu zuen nire ibilia. Ipuinak oparitzen zituen, borondateak nahi besteko txanponen trukean. Esku artean hartu, eta liburuxkak zer nolako istorioa gordetzen zuen galdetu nion. Gaur egungo gizartearen joeren antitesia deskribatzen omen zuen: "hoy en día cuando tenemos dinero, cuando tenemos familia, creemos que ya lo tenemos todo, que lo sabemos todo, y que nadie nos va a enseñar nada nuevo, porque nadie tiene nada que aportar a nuestra feliz vida. Estas páginas reúnen la historia de un hombre rico en dinero que no se conforma con eso. Un hombre que vaga por el mundo en busca de un mayor conocimiento. Este cuento habla de lo que aprende el hombre de los árboles, de las nubes, de la tierra. Lo que aprende de la montaña, de los valles, del mar".

...Eta nik ere mundua ezagutu nahi nuela erabaki nuen. Baina ez nik aginduta, nire bidea zein izango zen beste norbaitek erabakita baizik. 
Bikote bat ikusi nuen urrunean. Beraiekin gurutzatu arte itxaron nuen. "...en la 3 Oriente..." entzun nuen, eta nire oinek bertarako bidea hartu zuten. Hara joateko, Zokaloa zeharkatu behar izan nuen. Ikusgarri zegoen, beste behin.


Hara heldu, kalean zehar ibili, gozatu, eta inorako bidea hartu nuen berriz ere, "turismo" hitza nire belarrietara heldu zen arte. Eta zergatik ez? Turismo-bulegoa non zegoen galdetu, eta bertara hurbildu nintzen. Eta eskerrak eman nahi nizkioke bulegoaren kokapena ondo esaten jakin ez zuen hari, kale berriak ezagutu nituelako berari esker. Eskaleak, trajedunak, autobus zaharrak eta kotxe berriak.
Turismo-bulegoan adineko gizon xelebrea topatu nuen; ez zion nik egindako galdera bati berari ere erantzun, baina goxoa zen hizketaldian. Hiriaren mapa bat eman eta galdera gehiago egin nitzan utzi gabe, nondik nentorren galdetu zidan, eta nik erantzun. "Órale, qué bueno, amiga! Pues si eres de Barcelona, te contaré una historia: iban un día en un barco una monja, un cura y Franco. Y el barco, pues por desgracia, ¡se hundió! ¿Quién se salvó? ¿Quién se salvó? ¿Quién se salvó? ESPAÑA!!".
Eta aurpegian irribarre zabala zuela agurtu nuen.
Zakua eskuartean hartu eta motxila oraindik ere bizkarrean neramala ziurtatu ostean, hitz berri bat entzuteko prest heldu nion helmuga eskean zebilen bideari. 
"Lechuga" izan zen gehien gustatu zitzaidan hitza, eta barazki-denda baten bila abiatu nintzen. Zenbait kale zeharkatu nituen, eta beste hainbat begirada gurutzatu.

Azkenerako, ez nuen ezer garbirik atera turismo-bulegotik, eta ez nuen letxugarik erosi. 
Baina ikusitako guztia gogoan nuela, etxera bidean Popocatépetl-i begira geratu nintzen, beregandik zerbait ikasi nahian bezala.



No hay comentarios:

Publicar un comentario