viernes, 24 de febrero de 2012

Usainak

Usain bat ezin daiteke deskribatu beste batekin erkatu gabe.
Usain bat ezin daiteke ulertu tarteko sentsaziorik gabe.
Eta sentsazio horiek sentitzen eskerga gertatzen da maiz, usainik ezean.


Sarkorra da.
Gazia, hezea, freskoa. 
Bizia.


Bakea sentiarazten du.
Askatasuna, lasaitasuna, ongizatea.
Bizia. 
Bizirik sentiarazten zaitu erraietan barrena sartzen denean.


Sentitzeko bidean naiz, oroitzapenak lagun. Baina ezin dezaket lortu bera gabe.
Itsaso-usaina behar dut.
Bizirik sentitu nahi dut.

Irriak eta begiradak

Aste honetan klasekide batzuei euskarazko hitzak erakutsi nahi izan dizkiet. Bi mutili "kaixo" eta "agur" erakutsi dizkiet, hitz horiekin agur nazaten egunero. Pentsatzen ari naiz "oso polita zaude gaur" erakustea, esanez "egun on " esateko modu berezia dela, eta Euskal Herrian ohitura dela goizean goiz hori esatea. Horrela irribarre batez hasiko dut eguna! 

Ez, egia esan ez dut horrelako ezer behar Mexikon egunak irribarre batez agurtzeko; ezta hurrik eman ere. (Ez neukan zertan hori idatzi, HIPERMEGA pedantea da, baina burura etorri zait, eta seguro Ainarak parre batzuk botako dituela irakurtzerakoan!).
Bada, horrela hasten dira nire egunak hemen: zoriontsu. Autobusa hartzeko bidean nagoela, begirada atzera bota eta Popo-ri so geratzen naiz 5 bat segunduz, egunero irudi berri bat eskaintzen didalako. Zinez zoragarria da.
Egunak aurrera egin ahala, askotariko sentsazioak bizi ditut: batzuek irribarrea marrazten dute nire bisaian, eta beste batzuek penak har nazan eragiten dute; horren bizi-egoera desberdinak daude hemen...
Baina ezerk ez du nire eguneko azken irria lausotzen, erasatzen nauen horrek ere gogorarazten didalako hemen bizi dudana izugarria dela, ez daukala edonork gisa honetako esperientziaz gozatzeko aukera. Mintzen nauen hori alaitzen nauena bezain egiazkoa dela, eta nik errealitate horiek guztiak ezagutzeko aukera dudala.

Beti ere neronek horiek guztiak bakar batetik ikusten ditudala ahaztu gabe.

domingo, 19 de febrero de 2012

Egun berean bizitako istorio guztiak ez dira modu berean bizitzen, eta, hartara, ez dira modu berean kontatu behar. Horregatik idazten dut bigarren sarrera batean ostiral bereko beste bizipen batzuen inguruan; erregistro desberdinean idatzi behar delako modu desberdinean bizitakoa.

Luis eta Jolu gure bila etorri ziren eguerdian eta Plaza Dorada-ra eraman gintuzten bazkaltzera (bi autoaren aurrealdean, hiru atzealdean, eta bi maleteroan). Atzeko autoetako jendea ez zen harritzen gu maleteroan ikusitakoan; ezta polizia ere, semaforo batean gure atzealdean geratu zirenean. Bapo bazkaldu eta etxealdera joan ginen, ondoren Costera tabernara joateko. "Chelita" fresko batzuk edan (garagardoak) genituen hasteko, eta ondoren botila handi bat eskatu genuen, bertatik hartzeko norberak nahi beste (argazkian Jolu).

Tabernan ginela, Jolu-ren lehengusua eta neska bat azaldu ziren eta haiekin egon ginen taldean. Berandutu aurretik kotxean sartu (5 atzealdean eta hiru aurrean) eta Oxxo batera joan ginen etxean afaltzeko zerbait erostera. (Oxxo-ak 24 orduz irekita egoten diren gasolindegi-antzekoak dira, nonahi daudenak).


Etxera iritsi, afaldu eta lolitox.
Larunbata etxean igaro genuen eta arratsalde-gau aldera "El Barrio del Artista"ra joan ginen afaltzera. Florak, Jonek eta hirurok ezaguna dugu jada leu hori, baina Johannak eta Desik ikusteke zuten, eta bertara hurbildu ginen. Mexikon gaudenetik lehenengoz (harritzekoa bada ere) huacamolea jan genuen, eta baita ezagunak eta ezezagunak zitzaizkigun beste hainbat gauza ere.



Lehenengo argazkian: kolore gorriz eta berdez "chalupa"k (arto-irinaz egindako tortak saltsa bereziekin, gaztarekin eta tipulinarekin), eta plater berean "tlacloyo"ak ere bazeuden, argazkian ageri ez diren arren (frijole-z betetako masak, natarekin). Argazki berean, ezkerretara, "nachos con queso picositos". Bigarren argazkian dohan emandako fruitu lehor "bastante picoso"ak, baina oso goxoak! Pikantearena kuriosoa da hemen; ahoan daukazun artean ez du horrenbeste pikatzen, baina dena murtxikatutakoan eta ahoa hustutakoan hasten da erretzen; hargatik, gehiago ahoratzeko joera dauka batek. Horrela, fruitu lehor batzuk dohan aterata, bi edari eska ditzazun lortzen dute.
Pikante pixka batekin afaldu eta taxian joan ginen etxera, biharamuna indarrez hasteko.
Gaurko egunean esnatu eta Encinos kaleko 8B-ko neskek plana antolatu dutela jakin dut: Africam Safri-ra gindoazen egun-pasa! Azkar batean dutxatu, jantzi eta Zócalo-ra joan gara, bertan autobusa hartzeko. Ezustean, ihauteri-festa topatu dugu bertan. Jantzi xelebreak zeramatzaten neska-mutilak dantzan zebiltzan, musikaren erritmoan, jendea so ari zitzaien artean. Ume polit bati argazkia atera nahi izan diot, dantza irudian jasotzeaz gainera.


Autobusak 12:40an jaso gaitu eta Africam Safari-ra 40 bat minututan heldu gara. Parkea izugarri handia da. Cabárceno-ren antzekoa izango zela uste nuen, baina desberdina da zentzu askotan; animalia asko guztiz solte daude, inongo babesik gabe, eta euren artean nahastuta. Lemure marradun batzuk topatu ditugu autoen bidetik bi metrora, beste hainbat animaliarekin batera.



Denetarik zegoen parkean, eta Cabárceno-n ez dauden animalia pila ezagutu dut gaur!! Atentzioa eman didanetako bat hartz inurrijale erraldoia izan da.

Animaliez gainera, dibertitzeko lekuak ere bazeuden; Flora eta Johanna tirolina batean ibili dira (tirolesa, mexikarrentzat); 100 metroko luzera zuen ibilbideak eta 80 metroko sakonera zegoen lurzorura arte. Niri bildurra gailendu zait.

Egun-pasa polita egin dugu Africam Safari-n, eta bueltakoan Los Sapos kaleko merkatura joan gara. Gauza bitxiak ikusi ostean, La Zanahoria jatetxe begetarianora joan gara, zuku batzuk hartu ditugu eta etxealdera etorri gara. 
Orain biharko egin beharreko "tarea" egiten ari naiz, nire egunen nondik-norakoen inguruan idazten dizuedan bitartean. Eta logurea nitaz jabetzen ari denez, hemen utziko dut kontakizuna.
Laister izango naiz berriro ere hemen; askotariko bizipenekin, askotariko moduan sentituta eta idatzita.

Izkutuko Mexiko hori

Azkenekoz azkar eta labur idatzi behar izan nuen, eta gaurko hontan patxadaz eta luze idaztea tokatzen da, nahiko gauza dauzkat-eta kontatzeko!

San Valentin egunean "Complejo"ra hurbildu ginen Flora eta biok, eta bidean gindoazela, aurreko ostegunean ezagututako mutil batekin egin genuen topo, Luis Ramón-ekin. Luis Ramón Florak ezagututako neska haren laguna da, eta ostegun hartatik gaurdaino prestutasun handia adierazi digu; bai berak eta baita José Luis Rey-ek (hiru izen ditu; José, Luis eta Rey; guretzako "Jolu" edo "Pepe"); gure etxera hurbiltzen dira askotan eta hara eta hona eraman gaituzte.

Bada, Luis-ekin elkartu eta festara gerturatu ginen hirurok. Denetik zegoen han: zuzeneko musika, bitxiak salgai zituztelako postuak, janari-postuak,... 





Komuneko papera saltzen zuten bikotekidearentzako opari moduan; legenda zeukan komuneko papera!




Kolore biziko frutak zeuden, edalontzietan saltzen zituztenak. Guk jicama izenekoa jan genuen; hori makil batean txertatuta saltzen da, eta azukredun likido batez busti ostean, zapore ezberdineko azukreak edo espeziak jartzen dizkiote gainetik (ikus irudia). Goxoa zegoen, baina ez dakit esaten zeren antza zuen; kartoia mastekatzen ari nintzela zirudien!

Denbora-tarte bat pasatakoan Desi eta Johanna etorri ziren, eta han egon ginen denok (Jon izan ezik) karaoke-lehiaketa ikusten! Luis abesteko izena ematera hurbildu zen emakume batengana, eta, niri ezer esan gabe, nire izena ere eman zuen, berarekin batera kanta nezan; eskerrak jada beteta zegoen kupoa! 
Festa utzi eta taberna batera joan ginen zerbait hartzera. Han futbolinean jolastu eta etxera joan ginen lotara. Biharamunean Flora bizkarreko min handiarekin esnatu zen eta niri hilekoa etorri zitzaidan, eta beraz, ez ginen Cholula-ra joan festara, besteek hala egin bazuten ere; etxean geratu ginen denbora luzez hizketan. 
Baina ostirala oso egun ona izan zen niretzat; gauean atera ez banintzen ere, egunean zehar pila gozatu nuen. Irteera geneukan klasekook, eta hona heldu aurretik hemen topatzea espero nuena aurkitu nuen. Hiri erraldoi hau errepide zabalenetik eta zirkulazio handiena duenetik atzean utzi eta bide xumeagoetan barrena sartu ginen. Errepidearen alboetara soro asko zegoen, eta nekazari ugari lurra lantzen. Soro batera zeraman bide batean barrena murgildu ginen, bertan lagintzeko asmoz, eta autoa bazter batean utzi genuen (irakaslearen autoan joan ginen 6 ikasleok; bat aurrean, 4 atzealdean ahal bezala eta azkena maleteroan). Bidetik nekazari pila pasa ziren materiala maleterotik ateratzen ari ginela; denak kapela handiekin eta aurpegian irribarre zabala zutela. Egun on! esaten ziguten denek alaiki, eta aurrera jarraitzen zuten euren bidean. 
Alpapa-soroan lagindu eta aurrerantz joan ginen, nekazariek hartutako bide beretik. Ahuakateondoak zeuden bidean, eta horietatik ere jaso genituen laginak. Zertxobait aurrerago egin genuen eta hara non, nekazari guztiak bilduta topatu genituen, batzarrean. Autotik irribarretsu agurtu genituen, baina oraingo honetan bestelako begirada zuten haiek; batzar-burua hizketan ari zen, eta seriotasuna zen nagusi bertan; batzuek agurtu ere ez gintuzten egin.




Popocatépetl sumendia zoragarri zegoen. Txundituta nauka mendi horren maisutasunak. Baina hiriaren zarata, presa eta artifizialtasuna atzean uzten dituzunean, are miresgarriagoa da naturaren handitasuna. 


Popo begibistatik aldendu gabe gure bidean aurrera egin genuen eta azukre-kanaberak aztertzera joan ginen inguruko soro batera. Lurzorua eta landarea bera aztertu genituen, laginak jaso eta autora itzuli ginen, egin beharrekoak eginda.
Laginketa-lanak atzean utzi eta naturaz bere horretan gozatzera joan ginen Los Ahuehuetes-era. Ahuehueteak Mexikon oso ugariak diren zuhaitz handiak dira, eta zonalde horrek izen hori du ahuehueteez babestutako ur-jaiotza delako. Izugarri handiak dira zuhaitzak, eta ikusgarria naturak sortutako ingurua. Ura lurrazpitik jaiotzen da eta putzu handi bat itxuratzen du, bi direla dirudien arren, estugune batek lotzen baititu bi urmael handiak. Putzuaren lurzorua hareazkoa da, eta bor-bor egiten du behetik datorkion uraren indarraz. Miresgarria da.
Ur-eremuaren ertzak zuhaitzen sustraiek marrazten dituzte, eta arrain txikiak dabiltza adarrezko labirintoan jolasean.


Orain bi urte arte inongo babesik eta kontrolik gabe egon da zonalde hau; egun, herrikoek eraikitako harresi batez babestuta dago ingurua, eta bertara sartzeagatik 20 peso mexikar eskatzen dituzte (1,20 euro). Asteburuan jende ugari hurbiltzen da bertara pulunpatzera eta herrikoek freskagarriak saltzen dituzte. Uste dut ezagutzen ditudan leku guztien artean, Mexikon bakarrik dela posible horrelako leku bat 2010. urtera arte inongo babesik gabe egon eta horren garbia eta zaindua egotea. Zer esanik ez 2010. urtera arte gisa honetako leku bat ekonomikoki ustiatu gabe egon izana...

Ordubetez egon ginen edertasun honetaz gozatzen, eta etxerako bidea hartu genuen 13:00an. Arratsalde lasaia igaro nuen etxean, eta irribarre batez hartu nuen lo. Ezagutzeko irrikitan nengoelako Mexiko-a ezagutu nuen ostiralean; Mexiko basatia.

martes, 14 de febrero de 2012

San Valentin

Azkar eta labur, gaur atxalderako plana daukagu-eta!
Otsailaren 14a da, San Valentin eguna, eta Mexikon (edo Pueblan, gutxienez) topera bizi dute egun hau: errepidean saltzen dabiltzanek larrosak daukzate gaur eskuetan, nonahi aurki dezakezu bihotz-itxurako globoak saltzen dituen emakume/gizona, gozodendak bihotzez beteta daude eta festa asko antolatzen dituzte. Unibertsitateak Complejo Cultural-ean festa erraldoi bat antolatu du, eta bertara goaz Flora eta biok (gainontzekoak ez dira animatu).
Florak gaurko eguna libre izan du, klase guztiak (6 irakasgai) bertan behera utzi dituztelako egun hau ondo bizi ahal izateko.
Beraz, ondo bukatu eguna, nik arratsaldea topera hasten dudan artean!!
Gora bihotzak!!

domingo, 12 de febrero de 2012

Ostiralean irteera neukan Atlixco-ra, eta horren berri ematen idatzi beharko nuke. Baina, zoritxarrez (eta oso txarrez, gainera) ez da hala. Ostiral goizeko 7:15ean nengoen geldituta irakaslearekin etxetik gertu dagoen autobus-geltoki batean. 6:30ean esnatu eta leihotik begiratzean hasi zen egunaren madarikazioa. Euria ari zuen! Puebla, goiza, eta euria! Hiru kontzeptu horiek ez dira inoiz eskutik etorri hemen gaudenetik!! Esan nizuen lehenago ere, hemen euria arratsalde-gau partean egiten duela, eta egunean zehar oso eguraldi ona beti! Bueno, ba ez dakit Tlaloc jainko azteka izan zen, edo presio-kontua, baina ostiral goiza normaltasunetik irtengo zen lehenengo eguna izango zela erabaki zuen norbaitek. Ni izorratzeko bakarrik, alafede.
Mendiko arropak jantzi nituen, ingurua lokaztuta egongo zela suposatu nuelako, eta motxila prestatu ostean 7:00an irten nintzen etxetik. Guardasola (hitzegi batuak onartzen du) eskutan nuela, geltokiraino joan nintzen. Bertan egon nintzen zain, eta 7:17an Mexikoko mobila begiratzea otu zitzaidan (punta-puntako teknologiakoa, portzierto) ("portzierto" ez dago onartuta), eta hantxe irakaslearen mezua: "Amaia. Buenos días. La salida se cancela debido a la lluvia. El lunes hablaremos para fijar la nueva fecha. Que tengas un buen día".
Amorru maila minimoa jabetu zen nitaz eta etxera joan nintzen tonta-aurpegiarekin. Amorru maila eta tonta-aurpegia, baina, hortik 5 bat minutura pasa ziren hurrengo fasera, mezua zein ordutan jaso nuen begiratu nahi izan nuenean: 6:10. Nokiarik zaharrena denez, iratzargailurik izango ez duen beldurra neukala uste dut, eta horregatik erabiltzen dut beti Donostiko mugikorra esnatzeko. Zooooooooootz!!! Baneukan, ba, bestea erabiltzea!!
Eta horrela, bigarren mailako amorru eta memela-aurpegiarekin, sartu nintzen berriro ere etxean, eta ohean. Saretarik (pertsianarik) ez daukagu hemen, eta eguneko lehen inarrak gure artean zirenez ordurako, galtzerdi bat jarri nuen nire begien inguruan, bi "gantxo"z helduta ileari, eta lolox.
Gero irakasleari erantzun nion esaten pena hartu nuela, irteerarako gogo handia nuelako. "No se puede Amaia, la lluvia no nos deja!! Los insectos se esconden y nos podríamos enfermar!". Ze jatorra! Baina aber... "los insectos se esconden" zatiarekin ados, baina NOS PODRÍAMOS ENFERMAR??? Eskerrak ez dituen gure irteera asko zulotxo batetik ikusi gizon honek!

Eta hori... ezin zitekeen dena zoritxarrekoa izan ostiralean, eta gauerako bagenuen plana: Florak ezustean ezagututako neska batekin eta bere lagun batzuekin Cholula-ra joan ginen gauean (kotxearen atzeko aldean gindoazen gu bostok).





Hiru tabernatan egon ginen; azkena diskoteka handi bat zen eta ez zen han daukagunaren oso ezberdina (oso handia zen, hori bai, eta arropa gutxiko neskak zeuden dantzatzen), baina beste bi tabernak oso erosoak ziren.
Lehenengo tabernak terraza erraldoi bat zeukan; teilatua palapa batena bezalakoa zen, eta alboetatik irekita zegoen. Oso-oso gustora egon ginen han; jende asko zegoen (baina denontzako lain leku) eta musika egokia zen. Bigarren tabernan mahai batean egon ginen eserita, zutik jende larregi zegoelako. Han saltzen dituzten edari gehienek izen sexualak dituzte: bat "mamada" deitzen da, eta zerbitzariari keinua eginez eskatzen zaio. En fin...
Oso gustora egon ginen han: edariak oso onak zeuden eta musika ere gustuko genuen. Hortik afaltzera joan ginen (kanpokook bakarrik jan genuen zerbait; mexikarrek ez zuten odoleko alkohola jaitsi nahi; lauretan afalduko zutela esan zuten, tabernak itxitakoan).


Afalostean mozkorrak behera egin zuen, eta nire dantzatzeko gogoek bide bera hartu zutenez, taxian joan ginen etxera Jon eta biok.
Biharamuna larunbata zen, eta apunteak garbira pasatzen egon nintzen (asteartean beste partzial bat daukadalako) eta 8ak aldera Floraren etxera joan ginen pelikula bat ikustera ("Quiéreme si te atreves", oso-oso arraroa). Palomita batzuk jan, zopa bero bat afaldu eta lolitox.
Gaur igandea da eta nire asteburuaren nondik-norakoak kontatzen ari natzaizue. Hemendik gutxira apunteekin jarriko naiz berriro ere, asteartean azterketa ondo egin dudala kontatu ahal izateko.

Kontent bizi, gaztiak!

martes, 7 de febrero de 2012

Etxerako bidea eta bideko etxeak; bi errealitate bakar batean.

Autobusak uzten nauenetik etxera heltzen naizen bitarteko bidean zehar ikusten dudanaren argazkiak atera ditut gaur; zuek nondik ibiltzen naizen ikus dezazuen, eta nik etorkizunean gogora dezadan.
Horrelako gisako autobus batek hurbiltzen nau CU-tik Cholula delako ingurura (aurrerago emango dut honen azalpena, baina urbanizazioa dagoelako zonaldea da Cholula). Autobusak eskua altxata deitzen dira, eta zaudelako tokian "geratzen" dira. "Geratzen" esaten dut autobusa martxan dagoela igotzea delako ohikoena. Paper-sorta bat darama autobus-gidariak eskuetan eta 6 peso-ren trukean (35 bat zentimo) papertxo bat ematen dizu; bidaiariaren billetea. Gidariaren eta lehen eserlekuaren artean ez dago babesik; berea eserleku zertxobait erosoagoa da, eta hori da gainontzekoetatik bereizten duen bakarra. Kanbioen palanka, irudian ikus dezakezuenez, autobusaren zorutik irteten da (metro bateko luzera-edo du) eta askotan zelofana. Txanponak gordetzeko hiru kaxatxo ditu alboan, eta poltsatxo bat billeteentzat.
Montaña rusa batean dagoelako sentsazioa dauka bidaiariak autobusean; nahiko bortizki gidatzen dute eta errepidean "tope" asko ("guardias tumbaus" edo "baden"ak) dauden arren, badirudi beraiek ez dituztela ikusten... Egun batean, orain artean ezagutu dudan txoferrik "brusko"enarekin nindoala, momentu batez ipurdia eserlekutik altxa zitzaidan.
Autobusak "Complejo Universitario"aren parean uzten nau (nik eskatuta hor uzteko, ez baitago geltoki finkorik), baina beste aldean. Errepide nahiko zabala gurutzatu behar dut birritan; eskumaranzko noranzkoan doazen autoena, eta ezkerranzkoena. Horren ostean Avenida Atlixcáyotl (hitz askok dute amaiera hori; ondo ahoskatzea lortzeko bidean nabil) gurutzatu beharra daukat; baina berau zeharkatzen duen zubi bat dago (eskerrak!).

Zubiak albo banatan aldapatxo ugari ditu, goraino igo ahal izateko (oso desesperagarria da egunero horiek igo eta jaitsi behar izatea; batez ere goizean autobusa bertan dagoela ikusten duzunean, eta konsziente zarenean ez zarela hartzera helduko).

Bada, zubiak gurutzatzen duelakoa Pueblako sarrera/irteerako errepide nagusiena da, eta, hortaz, trafiko handia dauka. Gidari bakoitzak nahi duena egiten du gainera; aurrera, atzera, eskubira... pixka bat kaotikoa da, semaforoak dauden arren.
Zubiaren bestaldean dago bizi garelako urbanizazioa, baina bidean argazkia merezi duen zerbait dago: "taco"ak saltzen dituen postu mugikor bat, emakume xume batekin (ikus irudia). Begibistakoa da ez dela diru askoko emakumea, eta irudipena daukat alboko muinoan dagoen etxola batean bizi dena (irudian ezkerretan). Ricky-k (mugikortasun-programarekin etorri den Bartzelonako mutilak) esan zidan Pueblan dastatu dituen takorik goxoenak emakume horrek egiten dituela, baina guk oraindik ez diogu bat ere erosi, batez ere haragia eguzkitan daukalako eta nik oraindik ez daukadalako gogorik Florak eta Johannak pasatakoa pasatzeko...





























Hortik aurrera jarraituta urbanizaziorako bidea hartzen dut, eta laister iristen naiz gure sarrerako "segurtasun-kaseta"ra. Izan ere, urbanizazioak sarrera bat baino gehiago ditu, baina bakarra da zure etxerako sarbidea baimentzen dizuna, bloke baten eta bestearen artean hormak baitaude.
Sarreratik aurrera jarraituta oso modu xelebrean moztutako zuhaitz txikiak daude, eta horren amaieran saskibaloi-zelaiak, zabuak (kolunpioak) eta horrelakoak.


Bide horren amaieran ezkerretara eginda, bertan dago gure etxea, Flora, Desi eta Johanna-renaren ondoan. Eta bertantxe nago orain.



Cholularen gaineko azalpena:

Cholula Pueblatik oso gertu dagoen herria da. San Pedro Cholula eta San Andrés Cholula-tan bereizten da, eta bigarren hori ahalmen ekonomiko baxuko pertsonen bizitokia zen garai batean. Bada, azalera hori itxuraldatu zuten orain urte batzuk eta gurea bezalako urbanizazio ugariz bete zuten; bertan, paradoxikoki, diru askoko jendea bizi da; inguruko supermerkatuak Pueblako garestienak dira, tabernek prezio altuak dituzte... Bertan bizi den jendeak, beraz, bizia Pueblan egiten du, eta ez Cholulan. Hargatik, Cholulako zonalde horrek Pueblakoa balitz bezala funtzionatzen du egun; deiak bertara "lokal"ak dira, taxien eta autobusen tarifak Puebla barrukoenen berdinak dira... Baina uste dut zonalde horren gain agintzen duena Cholulako udala dela.
Zonalde horretan erosketa egitea garestia denez, Zapata coloniako (colonia=auzoa) supermerkatu batera joan gintezen gomendatu ziguten, eta bertara joaten gara "a hacer despensa". Taxia urbanizazioko sarrerara etortzen da gure bila eta supermerkaturako bidean denboran zehar gertatutako aldaketa garbi ikus daiteke: gure urbanizazioaren lujoak muturreko pobreziari ematen dio bide. Asfalatatuko errepideari lurrezko bideak jarraitzen dio, eta txabolak daude nonahi. Astoa poste elektrikoari lotuta, emakumeak zaindu gabeko zelai baten erdian arropa eskuz garbitzen... Umeak zikinak, eurek baino handiagoak diren arropekin...
Eta gu gure urbanizazio lujosoko atetik bertatik ateratako taxiaren lehiatilatik begira.

lunes, 6 de febrero de 2012

Lagun elekari

Lagun elekari, bideko zamari

Oparitu hitzak elkarri
eta bihurtu distantziaren lokarri
kilometroak txiki daitezke
irmo eutsiz sokari

domingo, 5 de febrero de 2012

Igande euritsua

Johanna atzo fatal jarri zan. Ospitalea jun bar izantzun. Osake gaur ezkea iñoa jun. Ta hemen geatu geanez, atxaldean magia-ikuskizun batea jun gea gure unibersidadean Complejo Cultural Universitario-ra.
Unibertsitatean euki genun aurreneko bileran esantziguten hau zala "una universidad tercermundista" Europatik gentozenontzat. Hoiek eztakite zer dan UPV!!! Ke pasada, konplejoa enormea da! fakultadeak daude, aretoak, zabalguneak, zineak, kafetegiak, restauranteak... danetikan dao!! ta bertan iteituzten ekimenetako asko doan dia; zinea, adibidez, ta gaurko ikuskizuna rebai! Oso ona izandua... 6 talde atea dia, baño etzuten danek magia iten. 6 hoien artean ventrilocuo bat zeon, ta hasieran pentxatuet: jo, aspergarria izangoa seguramente... bua, ba onena bea izandua!! jajajaja!! a ze par in ditugun!! Eondu gean aretoa pasada bat zan! (ikus argazkiak).
Konplejoa nolakoa dan ikusi nahi dunantzat:
http://www.complejocultural.buap.mx/Complejo_Cultural_Universitario/tour.html
Benetan ikusgarria da!!!

Nexkok bakarrik jun gea; Jon etxean geatu da... ikasi ingo zula-ta... asmo hoi omentzekan.


Ta oañ etxean nao, jesukriston zaparrada ai da botatzen kanpoan!!! tximistak, trumoiak... bua!! pasada bat!! baño hemen ebia iten baldin badu (eztala askotan) beti atxalde-gau partea iten du; egunean zehar tregua dakagu beti!!

Ta hoi... talde-planak bertan behera geatzen seitzen dutenez, ba Jonek eta biok itegu zeoze... ta atzo "zokalo"a jun giñan (plaza nagusia) afaltzea. Katedrala dao plazan erdian ta horren inguruan parke-antzekoa ta arkupe pila. Arkupe hoiek tabernaz beteta daude, ta baten terrazan eondu giñan afaltzen. Alambres de arrachera (haragi xamur baten tiratxoak) a la granja (txanpiñoak, tipula, txoixoa ta gaztaiakin) jan genun, ta kristona zeon!

Afaltzen ai giñala jende asko hurbiltze zan zeoze saldu nahian: batzuk pultxerak, beste batzuk eraztunak... Eraztun bat erosi nion atzo haurdun zeon nexka gazte bati (15 bat urte)... gogorra. Ta geo hurbildu zitzaigun mutil gazte bat reziklatutako materialakin indako bitxikeriekin; latetatik abiatuta indako lora bat erosi genion, ta "mazeta" intzigun momentuan... oso kuriosoa ta oso abila tipoa!!

Ta hoixe... oañ etxean goxo-goxo, ta bihar esperoegu Cholula-ko piramide famoso horta jutea! Ta bueno, ikastea rebai... astazkenean partziala dakat-eta! Apunte guztiak txukun-txukun dazkat, ordenaorea pasata.... Ta ostiralen eskurtsioa dakat Atlixco-ra, berez gaur lagunartean ikusi bar nun herrixka loretsu horta. Esperoet ostegunean akordatzea ostiralen eskurtsioa dakatela, ze nola eztakaten hemen nere sekretaria.... Muxu bat, Aran!! :)

Aer bihar Cholulako argazkiekin idazteizueten!!!
Besarkada haundi bana!!!!

viernes, 3 de febrero de 2012

Asmo zapuztuak

Datorren astelehena jaieguna da Pueblan, eta hori aprobetxatuz, Oaxaca-ra (Uajaca ahoskatzen da) joateko asmoa geneukan. Oaxaca Pueblako estatuarekin mugan dagoen estatu handia da; oso gauza politak ditu baina ezin dira denak bidaia bakarrean ikusi. Puerto Escondido, adibidez, kostaldean dago, eta hori ikusteko egun asko behar dira; bidaia luzea da eta gauza asko dago bisitatzeko. Hori aste santurako utziko dugu. Horregatik geneukan asmoa Oaxaca hiria bera asteburu luze honetan ikusteko, aste santuan kostaldea ikusteko denbora gehiago eduki ahal izateko.
Baina ez da posible izan; Johanna (Floraren pisukide argentinarra) izan da oraingoan gaixotu dena. Etorri berria da, eta jada aldrebestu zaizkio tripak! Nik uste defentsa-falta dela! (Begeta da).
En fin, ba hori... hemen bagaude ere, ez dut geldirik egon nahi, eta bihar Cholula-ko piramidea ikustera joango gara (aurreko batean idatzi nuen horren inguruan). Etzi Atlixco-ra joateko asmoa daukagu; Atlixco hemendik gertu dagoen herri xarmangarria omen da, igandetan azoka daukana, lore pilarekin! Negutegi asko daude herrian, eta igandetan saltzera ateratzen dira nekazariak; horregatik igandean joatea gomendatu digute. Atlixco ikusi ostean, Popocatépetl sumendiaren magalean dagoen beste herrixka batera joan gaitezen esan digute, amuarrainak mila eratara prestatzen omen dituzte bertan.
Planak eta asmoak baditugu... baina ez dakit baten bat materializatuko dugun! Kontatuko dizuet!!
Irudian: Popocatépetl sumendia gure urbanizaziotik ikusia.

miércoles, 1 de febrero de 2012

Bitxikeri-bitxokeriak

Atzo intsektuen inguruko irakasgaien irakasleak bere laborategira eraman gintuen, eta bertako gauzak erakutsiko zizkigun; lehenengo, eurek lantzen dituzten haziak erakutsi zizkigun. Kriston politak ziren! Haziak pote batean eta perikarpoak beste batean zituzten; ez dakit zeintzuk ziren politagoak!! Perikarpoak kolore berde zoragarrikoak ziren, eta haziak gorri kolorekoak ziren eta oso itxura berezia zuten; baten batzuk hartu eta pultserak egiteko gogoa sartu zitzaidan! Bada, gauza da horiekin egiten dutena dela intsektizidak ekoitzi; kimikariekin bateraturiko lanean, landareen substantzia naturaletatik abiatuta intsektu herbiboroak uxatzeko (edo hiltzeko) produktuak ekoizten dituzte. Oso gauza interesgarriak kontatu zizkigun horren inguruan.

Ondoren gela hotz batera eraman gintuen; bertan 23.000 aleko intsektu-bilduma daukate, familiaka sailkatuta. Tonta baten moduan ibili nintzen; irekitzen nuen kaxa bakoitzeko interjekzioren bat egiten nuen, eta beraiek barre. Izugarria da Mexikon dagoen dibertsitatea! Eta ze kolore!! Pasada bat...
Lehenengo irudikoa monarka-tximeleta da. Canadá-n bizi da eta neguko hotza ekiditeko asmoz Mexikora jaisten da garai honetan; baso batean elkartzen dira Mexikora jaitsitako guztiak eta ikusgarria da nola itxuraldatzen den ingurua: ia ez dira hostoak eta enborrak bereizten, dena tximeletaz betetzen da! Joan nahiko nuke, baina 4 ordura dago, eta Jonek esaten dit nik munduko bajista onena ikusteko 4 orduko bidaia egitea bezalako zerbait litzatekeela. Hala ere, ez dago guztiz kontra, eta baliteke joatea.
Bigarren irudikoa kakalardo bat da, eta baliteke Maquech delakoagatik ezagutzea: intsektu hauek "brotxe bizi" moduan erabiltzen dituzte Yucatán-en: bitxiak itsasten dituzte euren gorputzetan eta kate batekin lotzen dira alkandorara, bertatik ibil daitezen. Lotsagarria nire ustetan.


Bi hauez gainera, beste mila xomorro bitxi ikusi genituen, eta oraindik ere memela-aurpegi handiagoa jarri nuen esan zidanean horietako gehienak egingo ditugun irteeretan ikusi eta hartuko ditugula! Egiara eramango ditut FIJO!!!

Atzoko egunean ez genuen aparteko ezer egin. Astean zeharrerako erosketa egin genuen Jonek eta biok eta gero Desi etorri zen etxera (Floraren pisukide asturiarra) interneta erabiltzeko, beraiek oraindik ez zeukatelako beren etxean. Gero Flora etorri zen, sandwich bat afaldu zuen eta esan zigun: Bueno, después de saquearos la despensa me voy a micasa a dormir. Muxu bat eman eta "ondoloin" esan ostean joan zen hemendik 20 metrora dagoen bere etxera.

Jaso zuek ere muxu bana, eta bihurtu hemengo "ondoloin"a zuen "egun on".