miércoles, 1 de febrero de 2012

Bitxikeri-bitxokeriak

Atzo intsektuen inguruko irakasgaien irakasleak bere laborategira eraman gintuen, eta bertako gauzak erakutsiko zizkigun; lehenengo, eurek lantzen dituzten haziak erakutsi zizkigun. Kriston politak ziren! Haziak pote batean eta perikarpoak beste batean zituzten; ez dakit zeintzuk ziren politagoak!! Perikarpoak kolore berde zoragarrikoak ziren, eta haziak gorri kolorekoak ziren eta oso itxura berezia zuten; baten batzuk hartu eta pultserak egiteko gogoa sartu zitzaidan! Bada, gauza da horiekin egiten dutena dela intsektizidak ekoitzi; kimikariekin bateraturiko lanean, landareen substantzia naturaletatik abiatuta intsektu herbiboroak uxatzeko (edo hiltzeko) produktuak ekoizten dituzte. Oso gauza interesgarriak kontatu zizkigun horren inguruan.

Ondoren gela hotz batera eraman gintuen; bertan 23.000 aleko intsektu-bilduma daukate, familiaka sailkatuta. Tonta baten moduan ibili nintzen; irekitzen nuen kaxa bakoitzeko interjekzioren bat egiten nuen, eta beraiek barre. Izugarria da Mexikon dagoen dibertsitatea! Eta ze kolore!! Pasada bat...
Lehenengo irudikoa monarka-tximeleta da. Canadá-n bizi da eta neguko hotza ekiditeko asmoz Mexikora jaisten da garai honetan; baso batean elkartzen dira Mexikora jaitsitako guztiak eta ikusgarria da nola itxuraldatzen den ingurua: ia ez dira hostoak eta enborrak bereizten, dena tximeletaz betetzen da! Joan nahiko nuke, baina 4 ordura dago, eta Jonek esaten dit nik munduko bajista onena ikusteko 4 orduko bidaia egitea bezalako zerbait litzatekeela. Hala ere, ez dago guztiz kontra, eta baliteke joatea.
Bigarren irudikoa kakalardo bat da, eta baliteke Maquech delakoagatik ezagutzea: intsektu hauek "brotxe bizi" moduan erabiltzen dituzte Yucatán-en: bitxiak itsasten dituzte euren gorputzetan eta kate batekin lotzen dira alkandorara, bertatik ibil daitezen. Lotsagarria nire ustetan.


Bi hauez gainera, beste mila xomorro bitxi ikusi genituen, eta oraindik ere memela-aurpegi handiagoa jarri nuen esan zidanean horietako gehienak egingo ditugun irteeretan ikusi eta hartuko ditugula! Egiara eramango ditut FIJO!!!

Atzoko egunean ez genuen aparteko ezer egin. Astean zeharrerako erosketa egin genuen Jonek eta biok eta gero Desi etorri zen etxera (Floraren pisukide asturiarra) interneta erabiltzeko, beraiek oraindik ez zeukatelako beren etxean. Gero Flora etorri zen, sandwich bat afaldu zuen eta esan zigun: Bueno, después de saquearos la despensa me voy a micasa a dormir. Muxu bat eman eta "ondoloin" esan ostean joan zen hemendik 20 metrora dagoen bere etxera.

Jaso zuek ere muxu bana, eta bihurtu hemengo "ondoloin"a zuen "egun on".

No hay comentarios:

Publicar un comentario