martes, 31 de enero de 2012

Kromosomak

Citogenética Animal.
Beldurra ematentzian asignaturak, lehenengo mailatikan eztetelako ikutu genetika, eta enaizelako ezerrekin akordatzen. Oaindikan klasea jun gabe neon, baño irakasleai e-mailak bialtze nizkion ta klasean ze emantzuten esatentzian: mitosia, meiosia, kromosoman atalak... Benetan saiatu naizela; 10 bat aldiz jarri naiz ordenaorean aurrean wikipedia maiteak gai hoien inguruan bere azalpenak emateko, baño inposible.
Atzo jun nitzan aurrenekoz klasea, beldurrez... Beandu nijon (klasea 8tan zan) ta enekin nuntzeon klasea... jendeai galdezka aitu nitzan ta iñorrek etzekin esaten nuntzeon 225 gela... Azkenen aurkitu nun (8:10), ta nerbiosa-nerbiosa (ta gorrituta, supongo) atea irikitzea junitzan, pertsona ezezagun pila nei beida eongo zian ideakin ta beldurrakin... Klank! Atea itxita.
Irakaslean bulegoa jatxi nitzan (8:13) ta hantzeon, laranja bat jaten!
- Eeemm... ¿no hay clase?
- Sí, ahorita voy.
AHORITA! .... jajajaja!!
En fin, klaseantz jun giñan biok ta han etzeon iñor; ez barruan ta ez kanpoan zai! (Lehenengoa 8:35etan ailatu zan). Sartu ta hasi zitzaiten esplikatzen ze emantzuten orduarte... akojonatzen hasi nitzan... kariotipoa behera, kariotipoa behera...buf, fatal...
Etxeako ze bialdu zun esantzian arte:
Kromosoma desordenatuak. Moztu, parekatu eta orri txuri batean pegatu tamainan arabera ordenatuta.
Ustet eztetela beste ezerre esan behar.

domingo, 29 de enero de 2012

Tripa-planak

Atzo zoo-rako bisita bertan behera geratu zen eta beste plan bat egitea pentsatu genuen; gaualdean Manolitorekin (bat ere txikia ez den Manolo horrekin) eta ezagutzen ez genituen bere beste lagun batzuekin Cholula-ra joan ginen afaltzera. Cholula Puebla ondoko herri bat da, eta bertan ikasle asko dagoenez, giro ona dago gauetan. Kale nagusi bat dago tabernaz beterik, eta uste dut asteko egun guztietan dagoela parranda. Guk ez geneukan gauean ateratzeko asmorik, eta afaldu besterik ez genuen egin han. Afaldu genueneko taberna oso-oso polita zen, eta oso ondo eman ziguten jaten (ikus argazkia).
Ordu batzuen buruan, eta jada gugan ohikoa denez, nekea sartu zitzaigun eta etxera etorri ginen Flora, Jon eta hirurok, Manolitoren kotxean. Bera etorri zen gure bila Cholulara joateko, eta berak ekarri gintuen bueltan; oso jatorra. Ez dakigu jatorra delako bakarrik egiten duen, edo Flora gustatzen zaiolako bakarrik (azken hori konfirmatuta daukagu) (bueno, eta jatorra dela ere argi dago).
Gaur Cholulako bertako piramide bat ezagutzera (Tepanapa) joateko asmoa geneukan: munduko piramiderik zabalena da, baina ez da oso ezaguna, urte luzez zainketarik gabe egon delako eta piramidearen zati haundi bat lurpean dagoelako. Hala ere, goialdean monasterio bat dauka, eta ikusgarria da; guk gauez ikusi genuen atzo, zeru ilunean argiztatua, eta zoragarri zegoen.
Joateko asmoa geneukan, baina atzo afalostean tripak nahastuta eduki zituena Jon izan zen, eta ez gara joan. Baliteke arratsaldean, igandea izanik, azokaren batera joatea; ohikoa da hemen igandetan azoka. Eta etxean gauden bitartean "manos a la obra" jarriko gara gure bidaiak prestatzen, gehiago mugitzeko etorri gara eta!! Aste santuan bi asteko oporraldia daukagu, eta maiatzaren erdialdetik ekainaren hasiera-aldera ere libre gaudenez, egun horietarako planak antolatzen hasiko gara!!

Ea ordurako denon tripak egonkortuta dauden...

sábado, 28 de enero de 2012

Aurrera bidean


5 urte atzera gure etorkizunaren gainean pentsatzen ari ginen; non lan egin nahi genuen, zer ikasi nahi genuen... eta gutako bakoitzak, Euskal Herriko txoko banatik, erabaki bera hartu genuen; Bilbora joango ginen Biologia ikastera. Ez genekien etorkizunak zer zeukan prestatuta guretzat; ez genekien, sikiera, zerbait edukiko zuen prestatuta. Askok okerreko bidea hartu zutela sentitu zuten eta atzera bueltatu ziren beste bide baten bila. Baina horiek ere ezagutzeko aukera izan genuen, eta asko gurekin dira oraindik.

Leku berri batera heltzen garen orduko gure ingurua definitzen dugu; talde bat sortzen da eta iruditzen zaigu horiek izango direla alboan izango ditugunak. Baina beti da bidean gurutzatzen dugun beste norbait; batzuk lehenago, beste batzuk beranduago. Eta ez dago legerik lehenengoa edo bigarrena gure gertukoagoa den dioenik, bereziagoa zein izango den agintzen duenik.
Aurrera bidean goazela gehitzen den orok dauka txoko bat gugan.
Eta ni txokoz beterik nago; batzuk zaharragoak, eta beste batzuk berriagoak, baina denak bereziak.
Denok daukagulako besteari eskaintzeko zerbait, besteari erakusteko gauza berri bat; edo ikusten uztekoa, bederen.
Aurrera bidean goaz, eta, inertziaz, atzean geratzen dira gauza asko, pertsona asko.
 Baina barne-txoko batean gordeta daukagun hori beti dakigu non bilatu,
beti dakigu non topatu.

viernes, 27 de enero de 2012

ONGIETORRI-FESTA

Atzo truke-programako ikasleen ongietorri-festa euki genun BUAPeko ikasleok (Benemérita Universidad Autónoma de Puebla). Hasieran saio ofiziala eontzan "sala barroco" ikusgarri baten ta eromena izandu zan: unibersidadeen izenak esate zituztenean jendea altxa ite zan bere banderakin, oihuka, kantatzen... en fin, nere rolloko ezer!! UPV esantzutenen han azaldu zan pantaila haundi baten bihotzean damakigun insignia hoi! jajaja! Flora altxa zan "Ueeeeee!!" bazekilako ni tokian bertan geatu bar nitzala, ta bea "Cái"-koa danez ta salero asko dakanez, ba... jajaja!!

2 ordu inguruko txapa aspergarria bukatutakoan patio batea jatxi giñan. Hantzeuden toki diferentetako ikasleok prestatutako jatekoak ta edatekoak (ikus Florak ta biok prestatutako gazpatxoa), zuzeneko musikakin girotuta. Unibersidadeak beak ere jarri zun zeoze (onena Tekila) ta han ibili giñan... Bazkaltzez bukatutakoan herrialdeka (o Mexikon kasuan, estatuka) atea bar giñan mikrofonoa zeon tokira ta zeoze in: kantatu, dantzatu... Argentinarrek oso dantza politak intzituzten, ta Perú-koek ere gauzak prepatu zituzten geo espektakuloa iteko (o emateko, eztakit).
Ta han, danak giro alaiean! Oso ondo eondu zan, egia esan... ta hoi dana bukatutakoan, gauzak jaso ta Los Sapos kalea jun giñan (gabez arriskutsua dan, baño egunez giro ona dakan kalea) ta hango taberna baten eon giñan 200 bat pertsona. Batzuk dantzan ta bestek exeita hizketan. (Ni bigarren sektorekoa).
Ikusgarria izandu zan nola dantzatze zuten batzuek; kubatar salsa dantzatzentzun bikote bat zeon gure ondoan, ta inbiri haundia emantziaten... pentsatzen ai naiz igual Florakin apuntatzea salsa-ko klaseta!
Ta hoi, han ibili giñan... nei etzait iñoiz gustatu zerbeza, baño atzo beharrezkoa ikusi nun "chelita" bat eatea... ta hala inun! Hangoak baño xuabegoa iruitu zitzaiten, ta erdi-gustoa edo ean nun!
Geo gosia sartu zitzaigun ta zeoze jatea atea giñan; kale hortan bertan hartu genun zeoze Florak, Jonek ta nik, ta geo El Barrio del Artista-ra jun giñan; lehenao re eonak giñan, ta asko gustatu zitzaigunez, errepikatu in genun. Taberna txiki batzuk daude plaza polit baten, ta abeslariak daude terrazan. Han afaldu genun zeoze gehio (natxo batzuk, oilasko-hegalak ta gaztai urtua txanpiñoiakin) ta etxealdea etorri giñan, nekatuta ya.
Gaur konpra ingoegu, bai guretzako ta bai Floran etxeako (astelehenen datoz bere pixukideak ta oinarrizko gauzak erosi bar ditu), ta geo igual zinea-edo jungo gea, ze hemen ondoan Complejo Cultural Universitario dao, kriston aukera pila dazkan tokia: kontzertuak, antzerkia, zinea... ta azkenekoa dohainik danez, ba igual berta jungo gea, zeoze itearren!
Bihar, esanizuen bezela, African Safari-a jungo gea, ta horren inguruan ere idatzikoizuet!!

Ba hoixe, gaurko testua kaleko euskeran eta etxeko sofatik! Flora ondoan dakat, ta bi egun barru hemen eongo eztala jakiteak pena emateit... Baño bueno, nahizta eztan denboa guztian gure etxean eongo, 20 metrota eukikoet... asike igual ni izango naiz bere etxean eongo dana! :)

miércoles, 25 de enero de 2012

Ezpainen "borroka askea"

Herenegungo gauean LUCHA LIBRE ikustera joan ginen hirurok (Jon, Flora eta ni). Hiru prezio daude, kokapenaren araberakoak. Guk tarteko prezioko txartelak erosi genituen eta ringetik sare batek aldentzen gintuen, baina hobe horrela; eromena da, jendeak asko bizi du borroka hori! Dena faltsua dela argi ikusten da, baina hala ere asko berotzen dira; musikarekin girotzen dute gaua, eta janari- eta edari-saltzaileak etengabe mugitzen dira publikoaren artetik, zerbait saldu nahian. Cemita bat (hanburgesa-antzeko gauza bat) hartu genuen guk, eta flipatu egin genuen pikatzen zuenarekin! Pasada bat zen, ez zuen ia zaporerik eta eztarriak asko sufritzen ez zuen arren, ezpainek barrualdetik erre egiten zuten!!
Egin beharreko zerbait zen; Mexikora etorri eta LUCHA LIBRE ikustera joan, baina ez dut uste berriro joango garenik; gauza ikusgarriak egiten zituzten batzuek, baina gehiegi nabaritzen zen montatuta dagoela, eta gauza batzuk oso (Aritzen bozina) ziren...

Bihar kanpotik etorri garen ikasle guztiontzako festa bat dago, eta gure herrialdean ohikoak diren jatekoak eraman behar ditugu, dantza tipikoren bat egin, hango abestiak kantatu... horrelako gauzak. Berez banderak-eta ere eraman behar omen ditugu... Ez dakit norbaitek piper-potorik eramango duen. Nik ez dut ikurrinarik ekarri!

Gaur gauean egingo dugu Florak eta biok gazpatxoa, ea zer ateratzen den!! Eta ea mexikarrei gustatzen zaien, ze jan ostean putz eginez gero ez da surik ateratzen ahotik...

lunes, 23 de enero de 2012

Egun-pasa BUAPen

Gaur ordu luzeak pasa ditut unibertsitatean, baina ez klasean.
Interneta erabili ahal izateko moldatu didate ordenagailua eta lagun batzuekin hitz egiten aritu naiz. Goiza jertse lodiarekin eta kazadorarekin hasi dut eta tirantedun kamixeta arinarekin amaitu dut; tenperatura-aldaketa oso nabaria da goizetik goizerdira eta arratsaldetik gau-aldera.
Ecología de Insectos irakasgaia neukan hamabietatik ordubietara; bada, 12:15etan hasi da (ordu laurdeneko tartea uzten du, mexikarren bizi-erritmoarekin bat egiteko) eta 13:00 arte irteerei buruz hitz egiten aritu da. Klasea 13:30ean amaitutzat eman du.

Bi irteera egingo ditugu: bata egun-erdikoa, goizeko 7tan abiatuta, eta bigarrena bi egunekoa oihanera; gaua kanpoan pasako dugu eta horretarako kanpin-denda, zakua, esterila etab. eraman beharko ditugu. Horrez gainera, laginketarako materiala guk eraman behar dugu; badirudi hemen beraiek klaseetan egiten dituztela trasteak; nik norbaiti eskatu beharko dizkiot, beraz.
Horren arira, aurreko batean Laura lagun txikiak esan zidan animaliak CU-ko eraikin batean daudela, eta bertatik hartu behar ditugula animaliak praktiketarako behar baditugu; ez zitzaidana oso argi geratu izan zen ordaindu egin behar dugun ala ez horiek hartzeko. Eraikin horren ondoan "krematorioa" zegoela esan zidan; animaliekin praktikak egin ostean bertara eraman behar dira.
Guk egingo ditugun irteerak denbora-tarte laburrekoak izango dira, baina badirudi beste irakasgai batzuetan egiten dituzten irteerak 5 egunekoak direla!!
Gaur gauerako plana daukagu, baina horren inguruan bihar idatziko dut, argazki bat jarri nahi dut eta.

domingo, 22 de enero de 2012

Soslai kantaria

Goizeko lehen eguzki-printzak leihoa zeharkatu du, soslai bat marraztuz bidean.
 Kantu alaia zerion goizari.
Urruneko norbaitek egun ona oparitu dit doinu kantari baten melodian.

sábado, 21 de enero de 2012

Ortzadarra

Bizipenak gogapenak ere badira, eta Mexikoko nire bizipenak Mehxiko-k gordeko dituenez,
gaurkoan irudimena izango da hitzek irrist egin dezaten utziko duena; bizipenetan oinarritu gabeko ideiak, berezko sortzearen legearen babesekoak.
Ilunabarra, paradoxikoki ortzadarrez irudikatua. Eguzki-izarrak sortzen duen zubiaz gainera, izar txikiek ere marraz dezakete zeru ilunean kolorezko adatsa. Baina ez dira begirada guztiak berau ikus dezaketenak; begi hitsei bakarrik zor die zerbait ortzi ilunak.
Hutsunea. Falta. Nostalgia.
Zuloak betetzen dituen kolorezko segida.
Ohe erdi-betea eta bihotz erdi-hustua.
Bihotz odolhustua.
Kolorerik gabeko ametsek ez ei dute bizirik.
Hargatik agertzen da gauetan ortzimuga laztantzen duen mingain koloretsua; ideiak eta gogoak hezetzen dituen zazpikolore labankorra.
Kolore bana erdi-hutsik oheratutako gau bakoitzeko.
Kolore bana amets bakoitzeko.
Amets bakarra kolore guztietarako.
 
Mexikora iritsi naizenetik elektrizitate asko daukat gorputzean zehar; metalezko gauzak ikutzen ditudan bakoitzeko kalanbrazo bat sentitzen dut, eta zarata egiten du.
Atzo arratsean Gasteizko mutil baten etxera joan ginen Jon, Flora eta hirurok. Gasteizko mutila, bere neska (Martha, Pueblakoa) eta hemengo beste hiru pertsona zeuden bertan: Pantxo, Fran (neska, Francisca-edo izango dela pentsatzen dut) eta Manolo. Martha, Fran eta Manolo Donostian egon ziren lehengo urtean truke-programarekin, eta oso jatorrak dira. Manolo oso tipo handia da eta Manolito deitzen diote (me enkanta gauza eta pertsona haundiei diminutiboa jartzeko ohitura hoi), eta abeslaria da; oso tipo jatorra. Fran 24 urteko neska polita da, jantzia bai hemengo eta bai hango kontuetan. Fran oso tipo interesgarria da; asko daki historiaren inguruan (Historia karrera ikasi du) eta natura-kontuak ere asko interesatzen zaizkio. Gida turistikoa da eta zer ikusi komentatzen hasi zitzaigun; oso interesgarria suertatu zitzaidan bere hizketaldia: mantso hitz egiten du eta badaki une bakoitzan zer eta nola esan hizketakidearen atentzioa jasotzeko eta hark haria ez galtzeko.
Datorren astean zoo ireki batera joango gara beraiekin (Cabárceno-ren antzekoa izango delako susmoa daukat), eta hemendik aurrera gure irteerak eta ibilaldiak euren eskutan utziko ditudala uste dut. Bidaia-lagun onak izango direlako sentsazioa daukat.
Flora atzo nahiko tripa nahasiekin zebilen; beherakorik ez zeukan, baina zartakoak nabaritzen zituen noizean behin urdailean. Gaur okerrago esnatu da: min handiagoa eta etengabea zeukan, eta beherakoa. Seguroarekin hitz egin du eta ospitalera joan gara; botika batzuk errezetatu dizkiote eta orain ohean dago. Badirudi "la venganza de Moctezuma" duela. Kontzeptu hori aspalditik erabiltzen dute hemengoek, eta beste testuinguru batetik hartua da: espainiarrek lurralde hau eurenganatu ostean, hemengo artoa eramaten zuten hara, espainiar gobernuak eta Elizak ez zutelako produktu horren gaineko zergarik ezartzen. Horrela, ahalmen ekonomiko baxuko espainiarrek artoa zuten oinarrizko elikagaitzat, nahiz eta ez zen gustukoen zutena. Arazoa zera zen: artoa ondo ezagutzen ez zuten produktua izaki, garia balitz bezala prozesatzen zutela, mexikarrek erabiltzen zuten "nixtamalizazio" prozesuari muzin eginez. Prozesu horren ezean, artoak ez du askatzen gizakiaren dietan oinarrizkoa den B3 bitamina, eta oinarrizko elikagaia artoa zutelako pertsona horiek kalteak nozitu zituzten, erotu eta hiltzerainokoak. Milaka europarrek galdu zuten bizia "gaixotasun" honen ondorioz, eta espainian "Mal de la Rosa" edo "Pelagra" izena eman zitzaion artean, mexikarrek "la venganza de Moctezuma" izena jarri zioten gaitz horri.
Ordutik, Mexikon urdaileko eta hesteetako gaitzak pairatzen dituen atzerritar oro "la venganza de Moctezuma" pairatzen ari dela esaten da, garai batean zuen esanahiaren aldaera moduan.
Mexikora heldu eta 8-9 bat egunera pairatzen omen dugu atzerritarrok hori, baina nik ez dut halakorik pasa.
Euskal Herritik energia asko ekarri dudalako izango da... zart! ayyy!

viernes, 20 de enero de 2012

2012-I-19

Asko izan dira gau berezi hau Donostitik urrun bizi izan ditudaneko urteak, baina gaurkoa izan da nire herritik urrutien bizi izan dudan eguna. Eta, paradoxikoki, gaurkoa izan da urrun egondako guztien artean, gertuen sentitu dudanekoa.
Arratsaldeko bostak ziren Mexikoko Pueblan, eta Flora, Jon eta hirurok ordenagailuaren aurrean eseri gara. Bakoitzak buruan sardeska eta goilara urdina zituen orri txuri bat heldu dugu gantxo batzuen laguntzaz, eta Floraren amak espektakuloa skype bidez ikusten zuen artean, guk oihu batez abestu dugu San Sebastian martxa.
Jon, barrila: egurrezko tabla (sukaldatzekoa) + egurrezko goilara + egurrezko paleta
Flora, tanborra: Bol handi bat ahuspez jarria + bi goilara
Amaia, zuzendaria: Egurrezko goilara handia
PAN PARAAAN! PAN! PAN! PAN PARAAAN! PAN PAN! PARABARABAN! PAN PAN PARAN! PARABAAN!
Oilo-ipurdia.

Bihar gulak bazkalduko ditugu.

Lehen hitzak

Atzo joan nintzen aurrenekoz klasera Mexikon. Jada badira 12 egun herrialde ezezagun honetan nagoela, eta ohartuta nengoen gauzak hemen oso desberdinak direla, baina ez nuen espero horrenbesteko desberdintasunik ikasketa-zentroei eta ikasketa-sistemari dagokiola.

Hiru irakasgai hartu ditut (llevo tres materias acá): Citogenética Animal (konbalidazio-kontuengatik hartu dut hori), Manejo Agroecológico de Plagas eta Temas Selectos de Ecología de Insectos. Lehenengo irakasgaia ez dakit oraindik nolakoa izango den; aurreko astean hasi ziren klaseekin eta ezin izan nintzen joan papeleo-kontuengatik, eta aste honetan ere gauza bera gertatu zait. Hala ere, irakaslea ezagutu dut jada, baina ez zait gehiegi gustatu... Beste bi irakasgaien irakaslea Jesús López Olguín da; oso-oso gizon jatorra. Hein batean horregatik aukeratu ditut bi irakasgai horiek; gainera, bidean ezagutu dudan neska batek esan zidan irakasle moduan oso ona eta maila pertsonalean oso jatorra dela tipoa.
Bada, atzo joan nintzen lehenengoz klasera, eta zera topatu nuen: bi metroko luzera izatera heltzen ez den mahaia, eta zabaleran metro t'erdi egiten duela ausartzen ez naizena. Mahai horretan gaude bai irakaslea, bai ikasleak. Manejo Agroecológico de Plagas-en 5 ikasle gaude guztira, eta Temas Selectos de Ecología de Insectos-en, berriz, 3. Klaseetan partehartzea suspertzen da, eta familiartekoan gaudela dirudi; oso eroso sentiarazten gaitu irakasleak, eta bereziki ni gustura sentitu nadin saiatzen da. Hemengo xomorroei buruz ari dela, han halakoak ere ikusten ditugunentz galdetzen dit, eta animalia askori guk zein izenez deitzen diogun galdetzen dit, jakinmin handiz. Banan-banan aurkeztu zidan atzo nire ikaskideetako bakoitza, eta goxotasunez tratatzen nau beti.
Bihar ziur asko ez naiz klasera joango; Citogenética bakarrik daukat, eta oraindik joan ez naizenez, martxa hartu nahi diot joan aurretik: mitosia eta meiosia errepasatu, kromosoma bat zer ostia den gogoratu... Eta klasera joango ez naizenez, Flora-rekin gauzak egiteko aprobetxatuko dut denbora. Flora Cádiz-eko neska txiki jator bat da; 90ean jaioa, eta inongo ezagunik gabe etorria Mexikoko esperientzia bizitzera. Pisua bilatzen lagundu nion aurreko ostegunean, eta ni bizi naizeneko zonaldea asko gustatu zitzaion: segurtasuna duen urbanizazio handi batean bizi naiz, bi pisuko etxe batean. Bilatzen ibili ostean, nire ondoko etxea alokairuan zegoela ikusi genuen, eta bertan geratuko da. Asturiaseko beste bi neska datoz urtarrilaren 29an, eta beraiekin sartuko da etxe horretan; bitartean, gure etxean dago. Oso neska jatorra da eta gauza asko ditugu komunean; oso gustura nago berarekin. Euskarazko hitzak erakusten ari natzaio, eta ni berak erabiltzen dituen hitz xelebreak ikasten ari naiz.
Berak, nik bezala, proposamen bat zekarren berekin handik etorri zenean; eguneko argazki bat eta hitz batzuk biltzea. Baina nik bezala, ez du orain artean bete. Pentsatu dugu gaur egun egokia dela proposamen hori aurrera eramateko, eta horregatik sortu dut nik blog hau. Ez dakit nire hitza beteko dudan, baina asmoa eta gogoa baditut, bederen!
Gaurkoz hori da dena; batuan idatzita, argazkirik gabe eta gauza sakonegiak kontatu gabe. Bihar beste egun bat izango da Mexikon... eta ordu batzuen buruan egun berri bat hasiko da Euskal Herrian...

MEHXIKO

Hau izango da nire Mexikoko bizipenak gordeko dituen txokoa. Eta zergatik Mehxiko? Mexiko izango delako nire bizipenak sortuko dituen lurraldea eta Euskal Herria izango delako bitartean bihotzean izango dudan eta bizipen horiek gogoratuko ditudaneko herrialdea.