sábado, 28 de enero de 2012

Aurrera bidean


5 urte atzera gure etorkizunaren gainean pentsatzen ari ginen; non lan egin nahi genuen, zer ikasi nahi genuen... eta gutako bakoitzak, Euskal Herriko txoko banatik, erabaki bera hartu genuen; Bilbora joango ginen Biologia ikastera. Ez genekien etorkizunak zer zeukan prestatuta guretzat; ez genekien, sikiera, zerbait edukiko zuen prestatuta. Askok okerreko bidea hartu zutela sentitu zuten eta atzera bueltatu ziren beste bide baten bila. Baina horiek ere ezagutzeko aukera izan genuen, eta asko gurekin dira oraindik.

Leku berri batera heltzen garen orduko gure ingurua definitzen dugu; talde bat sortzen da eta iruditzen zaigu horiek izango direla alboan izango ditugunak. Baina beti da bidean gurutzatzen dugun beste norbait; batzuk lehenago, beste batzuk beranduago. Eta ez dago legerik lehenengoa edo bigarrena gure gertukoagoa den dioenik, bereziagoa zein izango den agintzen duenik.
Aurrera bidean goazela gehitzen den orok dauka txoko bat gugan.
Eta ni txokoz beterik nago; batzuk zaharragoak, eta beste batzuk berriagoak, baina denak bereziak.
Denok daukagulako besteari eskaintzeko zerbait, besteari erakusteko gauza berri bat; edo ikusten uztekoa, bederen.
Aurrera bidean goaz, eta, inertziaz, atzean geratzen dira gauza asko, pertsona asko.
 Baina barne-txoko batean gordeta daukagun hori beti dakigu non bilatu,
beti dakigu non topatu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario