viernes, 20 de enero de 2012

Lehen hitzak

Atzo joan nintzen aurrenekoz klasera Mexikon. Jada badira 12 egun herrialde ezezagun honetan nagoela, eta ohartuta nengoen gauzak hemen oso desberdinak direla, baina ez nuen espero horrenbesteko desberdintasunik ikasketa-zentroei eta ikasketa-sistemari dagokiola.

Hiru irakasgai hartu ditut (llevo tres materias acá): Citogenética Animal (konbalidazio-kontuengatik hartu dut hori), Manejo Agroecológico de Plagas eta Temas Selectos de Ecología de Insectos. Lehenengo irakasgaia ez dakit oraindik nolakoa izango den; aurreko astean hasi ziren klaseekin eta ezin izan nintzen joan papeleo-kontuengatik, eta aste honetan ere gauza bera gertatu zait. Hala ere, irakaslea ezagutu dut jada, baina ez zait gehiegi gustatu... Beste bi irakasgaien irakaslea Jesús López Olguín da; oso-oso gizon jatorra. Hein batean horregatik aukeratu ditut bi irakasgai horiek; gainera, bidean ezagutu dudan neska batek esan zidan irakasle moduan oso ona eta maila pertsonalean oso jatorra dela tipoa.
Bada, atzo joan nintzen lehenengoz klasera, eta zera topatu nuen: bi metroko luzera izatera heltzen ez den mahaia, eta zabaleran metro t'erdi egiten duela ausartzen ez naizena. Mahai horretan gaude bai irakaslea, bai ikasleak. Manejo Agroecológico de Plagas-en 5 ikasle gaude guztira, eta Temas Selectos de Ecología de Insectos-en, berriz, 3. Klaseetan partehartzea suspertzen da, eta familiartekoan gaudela dirudi; oso eroso sentiarazten gaitu irakasleak, eta bereziki ni gustura sentitu nadin saiatzen da. Hemengo xomorroei buruz ari dela, han halakoak ere ikusten ditugunentz galdetzen dit, eta animalia askori guk zein izenez deitzen diogun galdetzen dit, jakinmin handiz. Banan-banan aurkeztu zidan atzo nire ikaskideetako bakoitza, eta goxotasunez tratatzen nau beti.
Bihar ziur asko ez naiz klasera joango; Citogenética bakarrik daukat, eta oraindik joan ez naizenez, martxa hartu nahi diot joan aurretik: mitosia eta meiosia errepasatu, kromosoma bat zer ostia den gogoratu... Eta klasera joango ez naizenez, Flora-rekin gauzak egiteko aprobetxatuko dut denbora. Flora Cádiz-eko neska txiki jator bat da; 90ean jaioa, eta inongo ezagunik gabe etorria Mexikoko esperientzia bizitzera. Pisua bilatzen lagundu nion aurreko ostegunean, eta ni bizi naizeneko zonaldea asko gustatu zitzaion: segurtasuna duen urbanizazio handi batean bizi naiz, bi pisuko etxe batean. Bilatzen ibili ostean, nire ondoko etxea alokairuan zegoela ikusi genuen, eta bertan geratuko da. Asturiaseko beste bi neska datoz urtarrilaren 29an, eta beraiekin sartuko da etxe horretan; bitartean, gure etxean dago. Oso neska jatorra da eta gauza asko ditugu komunean; oso gustura nago berarekin. Euskarazko hitzak erakusten ari natzaio, eta ni berak erabiltzen dituen hitz xelebreak ikasten ari naiz.
Berak, nik bezala, proposamen bat zekarren berekin handik etorri zenean; eguneko argazki bat eta hitz batzuk biltzea. Baina nik bezala, ez du orain artean bete. Pentsatu dugu gaur egun egokia dela proposamen hori aurrera eramateko, eta horregatik sortu dut nik blog hau. Ez dakit nire hitza beteko dudan, baina asmoa eta gogoa baditut, bederen!
Gaurkoz hori da dena; batuan idatzita, argazkirik gabe eta gauza sakonegiak kontatu gabe. Bihar beste egun bat izango da Mexikon... eta ordu batzuen buruan egun berri bat hasiko da Euskal Herrian...

No hay comentarios:

Publicar un comentario