domingo, 29 de enero de 2012

Tripa-planak

Atzo zoo-rako bisita bertan behera geratu zen eta beste plan bat egitea pentsatu genuen; gaualdean Manolitorekin (bat ere txikia ez den Manolo horrekin) eta ezagutzen ez genituen bere beste lagun batzuekin Cholula-ra joan ginen afaltzera. Cholula Puebla ondoko herri bat da, eta bertan ikasle asko dagoenez, giro ona dago gauetan. Kale nagusi bat dago tabernaz beterik, eta uste dut asteko egun guztietan dagoela parranda. Guk ez geneukan gauean ateratzeko asmorik, eta afaldu besterik ez genuen egin han. Afaldu genueneko taberna oso-oso polita zen, eta oso ondo eman ziguten jaten (ikus argazkia).
Ordu batzuen buruan, eta jada gugan ohikoa denez, nekea sartu zitzaigun eta etxera etorri ginen Flora, Jon eta hirurok, Manolitoren kotxean. Bera etorri zen gure bila Cholulara joateko, eta berak ekarri gintuen bueltan; oso jatorra. Ez dakigu jatorra delako bakarrik egiten duen, edo Flora gustatzen zaiolako bakarrik (azken hori konfirmatuta daukagu) (bueno, eta jatorra dela ere argi dago).
Gaur Cholulako bertako piramide bat ezagutzera (Tepanapa) joateko asmoa geneukan: munduko piramiderik zabalena da, baina ez da oso ezaguna, urte luzez zainketarik gabe egon delako eta piramidearen zati haundi bat lurpean dagoelako. Hala ere, goialdean monasterio bat dauka, eta ikusgarria da; guk gauez ikusi genuen atzo, zeru ilunean argiztatua, eta zoragarri zegoen.
Joateko asmoa geneukan, baina atzo afalostean tripak nahastuta eduki zituena Jon izan zen, eta ez gara joan. Baliteke arratsaldean, igandea izanik, azokaren batera joatea; ohikoa da hemen igandetan azoka. Eta etxean gauden bitartean "manos a la obra" jarriko gara gure bidaiak prestatzen, gehiago mugitzeko etorri gara eta!! Aste santuan bi asteko oporraldia daukagu, eta maiatzaren erdialdetik ekainaren hasiera-aldera ere libre gaudenez, egun horietarako planak antolatzen hasiko gara!!

Ea ordurako denon tripak egonkortuta dauden...

No hay comentarios:

Publicar un comentario