domingo, 19 de febrero de 2012

Izkutuko Mexiko hori

Azkenekoz azkar eta labur idatzi behar izan nuen, eta gaurko hontan patxadaz eta luze idaztea tokatzen da, nahiko gauza dauzkat-eta kontatzeko!

San Valentin egunean "Complejo"ra hurbildu ginen Flora eta biok, eta bidean gindoazela, aurreko ostegunean ezagututako mutil batekin egin genuen topo, Luis Ramón-ekin. Luis Ramón Florak ezagututako neska haren laguna da, eta ostegun hartatik gaurdaino prestutasun handia adierazi digu; bai berak eta baita José Luis Rey-ek (hiru izen ditu; José, Luis eta Rey; guretzako "Jolu" edo "Pepe"); gure etxera hurbiltzen dira askotan eta hara eta hona eraman gaituzte.

Bada, Luis-ekin elkartu eta festara gerturatu ginen hirurok. Denetik zegoen han: zuzeneko musika, bitxiak salgai zituztelako postuak, janari-postuak,... 





Komuneko papera saltzen zuten bikotekidearentzako opari moduan; legenda zeukan komuneko papera!




Kolore biziko frutak zeuden, edalontzietan saltzen zituztenak. Guk jicama izenekoa jan genuen; hori makil batean txertatuta saltzen da, eta azukredun likido batez busti ostean, zapore ezberdineko azukreak edo espeziak jartzen dizkiote gainetik (ikus irudia). Goxoa zegoen, baina ez dakit esaten zeren antza zuen; kartoia mastekatzen ari nintzela zirudien!

Denbora-tarte bat pasatakoan Desi eta Johanna etorri ziren, eta han egon ginen denok (Jon izan ezik) karaoke-lehiaketa ikusten! Luis abesteko izena ematera hurbildu zen emakume batengana, eta, niri ezer esan gabe, nire izena ere eman zuen, berarekin batera kanta nezan; eskerrak jada beteta zegoen kupoa! 
Festa utzi eta taberna batera joan ginen zerbait hartzera. Han futbolinean jolastu eta etxera joan ginen lotara. Biharamunean Flora bizkarreko min handiarekin esnatu zen eta niri hilekoa etorri zitzaidan, eta beraz, ez ginen Cholula-ra joan festara, besteek hala egin bazuten ere; etxean geratu ginen denbora luzez hizketan. 
Baina ostirala oso egun ona izan zen niretzat; gauean atera ez banintzen ere, egunean zehar pila gozatu nuen. Irteera geneukan klasekook, eta hona heldu aurretik hemen topatzea espero nuena aurkitu nuen. Hiri erraldoi hau errepide zabalenetik eta zirkulazio handiena duenetik atzean utzi eta bide xumeagoetan barrena sartu ginen. Errepidearen alboetara soro asko zegoen, eta nekazari ugari lurra lantzen. Soro batera zeraman bide batean barrena murgildu ginen, bertan lagintzeko asmoz, eta autoa bazter batean utzi genuen (irakaslearen autoan joan ginen 6 ikasleok; bat aurrean, 4 atzealdean ahal bezala eta azkena maleteroan). Bidetik nekazari pila pasa ziren materiala maleterotik ateratzen ari ginela; denak kapela handiekin eta aurpegian irribarre zabala zutela. Egun on! esaten ziguten denek alaiki, eta aurrera jarraitzen zuten euren bidean. 
Alpapa-soroan lagindu eta aurrerantz joan ginen, nekazariek hartutako bide beretik. Ahuakateondoak zeuden bidean, eta horietatik ere jaso genituen laginak. Zertxobait aurrerago egin genuen eta hara non, nekazari guztiak bilduta topatu genituen, batzarrean. Autotik irribarretsu agurtu genituen, baina oraingo honetan bestelako begirada zuten haiek; batzar-burua hizketan ari zen, eta seriotasuna zen nagusi bertan; batzuek agurtu ere ez gintuzten egin.




Popocatépetl sumendia zoragarri zegoen. Txundituta nauka mendi horren maisutasunak. Baina hiriaren zarata, presa eta artifizialtasuna atzean uzten dituzunean, are miresgarriagoa da naturaren handitasuna. 


Popo begibistatik aldendu gabe gure bidean aurrera egin genuen eta azukre-kanaberak aztertzera joan ginen inguruko soro batera. Lurzorua eta landarea bera aztertu genituen, laginak jaso eta autora itzuli ginen, egin beharrekoak eginda.
Laginketa-lanak atzean utzi eta naturaz bere horretan gozatzera joan ginen Los Ahuehuetes-era. Ahuehueteak Mexikon oso ugariak diren zuhaitz handiak dira, eta zonalde horrek izen hori du ahuehueteez babestutako ur-jaiotza delako. Izugarri handiak dira zuhaitzak, eta ikusgarria naturak sortutako ingurua. Ura lurrazpitik jaiotzen da eta putzu handi bat itxuratzen du, bi direla dirudien arren, estugune batek lotzen baititu bi urmael handiak. Putzuaren lurzorua hareazkoa da, eta bor-bor egiten du behetik datorkion uraren indarraz. Miresgarria da.
Ur-eremuaren ertzak zuhaitzen sustraiek marrazten dituzte, eta arrain txikiak dabiltza adarrezko labirintoan jolasean.


Orain bi urte arte inongo babesik eta kontrolik gabe egon da zonalde hau; egun, herrikoek eraikitako harresi batez babestuta dago ingurua, eta bertara sartzeagatik 20 peso mexikar eskatzen dituzte (1,20 euro). Asteburuan jende ugari hurbiltzen da bertara pulunpatzera eta herrikoek freskagarriak saltzen dituzte. Uste dut ezagutzen ditudan leku guztien artean, Mexikon bakarrik dela posible horrelako leku bat 2010. urtera arte inongo babesik gabe egon eta horren garbia eta zaindua egotea. Zer esanik ez 2010. urtera arte gisa honetako leku bat ekonomikoki ustiatu gabe egon izana...

Ordubetez egon ginen edertasun honetaz gozatzen, eta etxerako bidea hartu genuen 13:00an. Arratsalde lasaia igaro nuen etxean, eta irribarre batez hartu nuen lo. Ezagutzeko irrikitan nengoelako Mexiko-a ezagutu nuen ostiralean; Mexiko basatia.

2 comentarios:

  1. aaaaa honek gauza asko azaltzen du... ahuehueteak zuhaitzak dira! klaro... ;)
    ni ere maitemindu egin naiz paraje honekin. Ez dakit bertara hurbiltzean xomorro kantitateagatik ihesi atera beharko ote nintzen, baina lehen begiradan bahintzat ikusgarria da.

    Jarraitu horrelako urrun politak gerturatuz amayita!
    muxu!

    Alaitz

    ResponderEliminar
  2. Alaitzituna! pasada bat da leku hau!! Gindi dator ostiral hontan 3 asteburutako, ta aer itzultze gean honea... ze ni txundituta geatu nitzan!! ta xomorroik etzeon, lasai!! jajaja!! uda ailatutakoan sufritukoegu gehio kontu hoiekin...
    muxutxu bat!!!

    ResponderEliminar