martes, 7 de febrero de 2012

Etxerako bidea eta bideko etxeak; bi errealitate bakar batean.

Autobusak uzten nauenetik etxera heltzen naizen bitarteko bidean zehar ikusten dudanaren argazkiak atera ditut gaur; zuek nondik ibiltzen naizen ikus dezazuen, eta nik etorkizunean gogora dezadan.
Horrelako gisako autobus batek hurbiltzen nau CU-tik Cholula delako ingurura (aurrerago emango dut honen azalpena, baina urbanizazioa dagoelako zonaldea da Cholula). Autobusak eskua altxata deitzen dira, eta zaudelako tokian "geratzen" dira. "Geratzen" esaten dut autobusa martxan dagoela igotzea delako ohikoena. Paper-sorta bat darama autobus-gidariak eskuetan eta 6 peso-ren trukean (35 bat zentimo) papertxo bat ematen dizu; bidaiariaren billetea. Gidariaren eta lehen eserlekuaren artean ez dago babesik; berea eserleku zertxobait erosoagoa da, eta hori da gainontzekoetatik bereizten duen bakarra. Kanbioen palanka, irudian ikus dezakezuenez, autobusaren zorutik irteten da (metro bateko luzera-edo du) eta askotan zelofana. Txanponak gordetzeko hiru kaxatxo ditu alboan, eta poltsatxo bat billeteentzat.
Montaña rusa batean dagoelako sentsazioa dauka bidaiariak autobusean; nahiko bortizki gidatzen dute eta errepidean "tope" asko ("guardias tumbaus" edo "baden"ak) dauden arren, badirudi beraiek ez dituztela ikusten... Egun batean, orain artean ezagutu dudan txoferrik "brusko"enarekin nindoala, momentu batez ipurdia eserlekutik altxa zitzaidan.
Autobusak "Complejo Universitario"aren parean uzten nau (nik eskatuta hor uzteko, ez baitago geltoki finkorik), baina beste aldean. Errepide nahiko zabala gurutzatu behar dut birritan; eskumaranzko noranzkoan doazen autoena, eta ezkerranzkoena. Horren ostean Avenida Atlixcáyotl (hitz askok dute amaiera hori; ondo ahoskatzea lortzeko bidean nabil) gurutzatu beharra daukat; baina berau zeharkatzen duen zubi bat dago (eskerrak!).

Zubiak albo banatan aldapatxo ugari ditu, goraino igo ahal izateko (oso desesperagarria da egunero horiek igo eta jaitsi behar izatea; batez ere goizean autobusa bertan dagoela ikusten duzunean, eta konsziente zarenean ez zarela hartzera helduko).

Bada, zubiak gurutzatzen duelakoa Pueblako sarrera/irteerako errepide nagusiena da, eta, hortaz, trafiko handia dauka. Gidari bakoitzak nahi duena egiten du gainera; aurrera, atzera, eskubira... pixka bat kaotikoa da, semaforoak dauden arren.
Zubiaren bestaldean dago bizi garelako urbanizazioa, baina bidean argazkia merezi duen zerbait dago: "taco"ak saltzen dituen postu mugikor bat, emakume xume batekin (ikus irudia). Begibistakoa da ez dela diru askoko emakumea, eta irudipena daukat alboko muinoan dagoen etxola batean bizi dena (irudian ezkerretan). Ricky-k (mugikortasun-programarekin etorri den Bartzelonako mutilak) esan zidan Pueblan dastatu dituen takorik goxoenak emakume horrek egiten dituela, baina guk oraindik ez diogu bat ere erosi, batez ere haragia eguzkitan daukalako eta nik oraindik ez daukadalako gogorik Florak eta Johannak pasatakoa pasatzeko...





























Hortik aurrera jarraituta urbanizaziorako bidea hartzen dut, eta laister iristen naiz gure sarrerako "segurtasun-kaseta"ra. Izan ere, urbanizazioak sarrera bat baino gehiago ditu, baina bakarra da zure etxerako sarbidea baimentzen dizuna, bloke baten eta bestearen artean hormak baitaude.
Sarreratik aurrera jarraituta oso modu xelebrean moztutako zuhaitz txikiak daude, eta horren amaieran saskibaloi-zelaiak, zabuak (kolunpioak) eta horrelakoak.


Bide horren amaieran ezkerretara eginda, bertan dago gure etxea, Flora, Desi eta Johanna-renaren ondoan. Eta bertantxe nago orain.



Cholularen gaineko azalpena:

Cholula Pueblatik oso gertu dagoen herria da. San Pedro Cholula eta San Andrés Cholula-tan bereizten da, eta bigarren hori ahalmen ekonomiko baxuko pertsonen bizitokia zen garai batean. Bada, azalera hori itxuraldatu zuten orain urte batzuk eta gurea bezalako urbanizazio ugariz bete zuten; bertan, paradoxikoki, diru askoko jendea bizi da; inguruko supermerkatuak Pueblako garestienak dira, tabernek prezio altuak dituzte... Bertan bizi den jendeak, beraz, bizia Pueblan egiten du, eta ez Cholulan. Hargatik, Cholulako zonalde horrek Pueblakoa balitz bezala funtzionatzen du egun; deiak bertara "lokal"ak dira, taxien eta autobusen tarifak Puebla barrukoenen berdinak dira... Baina uste dut zonalde horren gain agintzen duena Cholulako udala dela.
Zonalde horretan erosketa egitea garestia denez, Zapata coloniako (colonia=auzoa) supermerkatu batera joan gintezen gomendatu ziguten, eta bertara joaten gara "a hacer despensa". Taxia urbanizazioko sarrerara etortzen da gure bila eta supermerkaturako bidean denboran zehar gertatutako aldaketa garbi ikus daiteke: gure urbanizazioaren lujoak muturreko pobreziari ematen dio bide. Asfalatatuko errepideari lurrezko bideak jarraitzen dio, eta txabolak daude nonahi. Astoa poste elektrikoari lotuta, emakumeak zaindu gabeko zelai baten erdian arropa eskuz garbitzen... Umeak zikinak, eurek baino handiagoak diren arropekin...
Eta gu gure urbanizazio lujosoko atetik bertatik ateratako taxiaren lehiatilatik begira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario