domingo, 12 de febrero de 2012

Ostiralean irteera neukan Atlixco-ra, eta horren berri ematen idatzi beharko nuke. Baina, zoritxarrez (eta oso txarrez, gainera) ez da hala. Ostiral goizeko 7:15ean nengoen geldituta irakaslearekin etxetik gertu dagoen autobus-geltoki batean. 6:30ean esnatu eta leihotik begiratzean hasi zen egunaren madarikazioa. Euria ari zuen! Puebla, goiza, eta euria! Hiru kontzeptu horiek ez dira inoiz eskutik etorri hemen gaudenetik!! Esan nizuen lehenago ere, hemen euria arratsalde-gau partean egiten duela, eta egunean zehar oso eguraldi ona beti! Bueno, ba ez dakit Tlaloc jainko azteka izan zen, edo presio-kontua, baina ostiral goiza normaltasunetik irtengo zen lehenengo eguna izango zela erabaki zuen norbaitek. Ni izorratzeko bakarrik, alafede.
Mendiko arropak jantzi nituen, ingurua lokaztuta egongo zela suposatu nuelako, eta motxila prestatu ostean 7:00an irten nintzen etxetik. Guardasola (hitzegi batuak onartzen du) eskutan nuela, geltokiraino joan nintzen. Bertan egon nintzen zain, eta 7:17an Mexikoko mobila begiratzea otu zitzaidan (punta-puntako teknologiakoa, portzierto) ("portzierto" ez dago onartuta), eta hantxe irakaslearen mezua: "Amaia. Buenos días. La salida se cancela debido a la lluvia. El lunes hablaremos para fijar la nueva fecha. Que tengas un buen día".
Amorru maila minimoa jabetu zen nitaz eta etxera joan nintzen tonta-aurpegiarekin. Amorru maila eta tonta-aurpegia, baina, hortik 5 bat minutura pasa ziren hurrengo fasera, mezua zein ordutan jaso nuen begiratu nahi izan nuenean: 6:10. Nokiarik zaharrena denez, iratzargailurik izango ez duen beldurra neukala uste dut, eta horregatik erabiltzen dut beti Donostiko mugikorra esnatzeko. Zooooooooootz!!! Baneukan, ba, bestea erabiltzea!!
Eta horrela, bigarren mailako amorru eta memela-aurpegiarekin, sartu nintzen berriro ere etxean, eta ohean. Saretarik (pertsianarik) ez daukagu hemen, eta eguneko lehen inarrak gure artean zirenez ordurako, galtzerdi bat jarri nuen nire begien inguruan, bi "gantxo"z helduta ileari, eta lolox.
Gero irakasleari erantzun nion esaten pena hartu nuela, irteerarako gogo handia nuelako. "No se puede Amaia, la lluvia no nos deja!! Los insectos se esconden y nos podríamos enfermar!". Ze jatorra! Baina aber... "los insectos se esconden" zatiarekin ados, baina NOS PODRÍAMOS ENFERMAR??? Eskerrak ez dituen gure irteera asko zulotxo batetik ikusi gizon honek!

Eta hori... ezin zitekeen dena zoritxarrekoa izan ostiralean, eta gauerako bagenuen plana: Florak ezustean ezagututako neska batekin eta bere lagun batzuekin Cholula-ra joan ginen gauean (kotxearen atzeko aldean gindoazen gu bostok).





Hiru tabernatan egon ginen; azkena diskoteka handi bat zen eta ez zen han daukagunaren oso ezberdina (oso handia zen, hori bai, eta arropa gutxiko neskak zeuden dantzatzen), baina beste bi tabernak oso erosoak ziren.
Lehenengo tabernak terraza erraldoi bat zeukan; teilatua palapa batena bezalakoa zen, eta alboetatik irekita zegoen. Oso-oso gustora egon ginen han; jende asko zegoen (baina denontzako lain leku) eta musika egokia zen. Bigarren tabernan mahai batean egon ginen eserita, zutik jende larregi zegoelako. Han saltzen dituzten edari gehienek izen sexualak dituzte: bat "mamada" deitzen da, eta zerbitzariari keinua eginez eskatzen zaio. En fin...
Oso gustora egon ginen han: edariak oso onak zeuden eta musika ere gustuko genuen. Hortik afaltzera joan ginen (kanpokook bakarrik jan genuen zerbait; mexikarrek ez zuten odoleko alkohola jaitsi nahi; lauretan afalduko zutela esan zuten, tabernak itxitakoan).


Afalostean mozkorrak behera egin zuen, eta nire dantzatzeko gogoek bide bera hartu zutenez, taxian joan ginen etxera Jon eta biok.
Biharamuna larunbata zen, eta apunteak garbira pasatzen egon nintzen (asteartean beste partzial bat daukadalako) eta 8ak aldera Floraren etxera joan ginen pelikula bat ikustera ("Quiéreme si te atreves", oso-oso arraroa). Palomita batzuk jan, zopa bero bat afaldu eta lolitox.
Gaur igandea da eta nire asteburuaren nondik-norakoak kontatzen ari natzaizue. Hemendik gutxira apunteekin jarriko naiz berriro ere, asteartean azterketa ondo egin dudala kontatu ahal izateko.

Kontent bizi, gaztiak!

2 comentarios:

  1. Kaixo arreseeee
    Irakasle horrek ze uste du? nola da posible euriagatik irteera bertan behera geratzea?? Honek ez gaitu gu irteeretan ikusi

    pd: galtzerdia aurpegian nola jarri zenun ikusi nahi du Jarek

    ResponderEliminar
  2. aaaaa eta Jarek aizpa bat du bidean

    ResponderEliminar